Bordeleko « Atelier provisoire » taldearen proiektu hontan, etxebizitzen flexibilitatea lantzen da. Bordeleko hiri elkargoak antolatutako ideia deiari erantzunez, etxebizitza era ireki eta aldakorragoan pentsatzeko sistema bat martxan jarri dute. Orain Egeris enpresarekin elkarlanean piezak produzitzeko asmoa dago, arkitektuek sistema honen laguntzaz etxebizitzak konposatzeko aukera ukan dezaten.
Ereñon eta Muruetan aztertutako sistemetan gurutzatu genituen preokupazioak ikus daitezke proiektu honetan : ze puntutaraino definitu behar den egitura, arkitektuentzat ze estimulazio, ze askatasun geldituko den, modulu minimoaren definizioa, modularitatea eta konbinaketak…
Almikeko proiektuaren kasurako, etxebizitza modulutan bereizi ta konbinatzeko erak interesatzen zaizkigu, ondotik zein partekatu eta zein ez erabaki beharko baitugu.
Pierre Bernard eta Leblanc-Venacque arkitektuen adinekoentzako egoitza-etxebizitza proiektua.
Arkitektuek paisagista talde batekin elkarlanean osatu duten proiektu hontan, ondoko eskolakoek landuko dituzten baratzak ezarri dituzte, adinekoen artean haurren presentzia segurtatu eta intergenerazionalitatea bermatzeko.
Bloke bakoitzaren kokapena ikuspuntuak aztertuz hautatu omen dute. Behe oinean hedatzen diren etxebizitzak dira orokorrean, eta kasu batzuetan lehen oinean gela bat gehitzen da, bi alturako egongelak sortuz.