jueves, 30 de septiembre de 2010

PAISAIA IDEIA GISA: proiektuak eta proiekzioak/1960-1980
Gela batean barneratzean, lau horma zuriren artean, egurrezko makiltxoak lurrean barreiaturik aurkitu genituen, lerro luze lodi bat osatuz gela zeharkatzen zuena. Horman zintzilik marko zuriko kuadro bat, paper zuriaren gainean letra beltzeko testu bat zuena. 




Richard Long Britainiarra (1945) da artelan honen egilea, Britainia Handian Land Art artista ezagunenetakoa. Harri, makil, egur eta beste osagai batzuez baliatuz forma geometriko sinpleak osatzen ditu paisaian. Ondoren argazkigintzaren bitartez gehienetan, baina baita mapa bidez ere edota testu lanekin, azaldu izan ditu bere obrak, kasu bakoitzean erarik egokiena zein den aztertu ondoren .




Bere biografian arakatzen hasita ibiltze ekintza agertzen zaigu. Ibiltzea bere buruarekin neurtzeko modu bat omen da, natura bere urratsez neurtzeko eta paisaia bakoitzean bere magnitudearen bidez espazioa neurtzeko. Ez omen du eraldaketak egiteko edo paisaia aldatzeko ideia, bere aztarna uztea besterik ez omen da bere lanen xedea. Honela dio artistak bere web orrian:
“Each walk realised a particular idea. Thus walking –as art- provided an ideal means form to explore relationships between time, distance, geography and measurement.”

Hitz potoloak aipatzen ditu; natura eta neurriak, paisaia eta espazioa…Ez dira kontzeptu errazak elkarrekin lotzeko. Baina denboran atzera eginez gero ez al zituzten trikuharriak gorpuak ehorzteko erabiltzen? Eta aldi berean ez al zuten hauek naturan kokatzeko balio? Edo mendira goazenean ez al gara harriz osaturiko menditxoez baliatzen bide egokia zein den adierazteko?

Aipaturiko hauek ere paisaian ipiniriko monumentuak kontsidera daitezke, naturaren mugagabetasuna txikitzen laguntzen digutenak.




domingo, 26 de septiembre de 2010




DATORREN IKASTURTERAKO HELBURUAK

Joan diren hiru urte hauetan arkitekturaren munduan barneratzen joan gara poliki poliki, arkitektura etxegintzarekin lotzetik, mundu oso zabala aurkitzeraino (eta seguruenik bizitza guztia jardungo dugu mundu hau gero eta zabalago egiten).
Bide horretan proiektuaren garapenerako beharrezko diren tresnak menperatzen ikasten ari gara, eman beharreko pausuak zein diren ikasten, zeintzuk lehenak eta zeintzuk hauei jarraitzen dietenak.
Hori horrela, lehen hiru urte hauetako garapen prozesua horrela ikusten dut:

-         Lehen urtea: Lehenengo ideien sortzea; abstraktuak eta ez hain abstraktuak.
-         Bigarren urtea: Lehen ideia hauei gorpuzkera ematea, forma zehatzagoak lortuz.
-         Hirugarren urtea: Proiektu batean eragiten duten hainbat faktoreren azterketa. Hasierako ideietatik bukaerako emaitzarainoko bidea egitea.

Beraz, laugarren urte honetan, behin egin beharreko bidea nolakoa den ikusita, osaketa lan sakona beharrezkoa ikusten dut, bide horretan geratzen diren aspektu askoren ikerketa eta sakontzea.


Eta aspektu horietako bat da, hain zuzen ere, paisaiarena, naturarekiko loturarena, giza aktibitatea naturarekin harremanetan jartzean sor dezakeen inpaktuarena.
Eskeini zaigun eszenatoki erakargarriak horretarako aukera emango digulakoan nago.